Burkinia ala takoiak?

Argazkigilea: Giorgio Montersino from Milan, Italy (cool burkini) [CC BY-SA 2.0 (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0)], undefined
Kultura batzuetan emakumeek ez dute bere gorputzeko azala erakusten. Ilea ere ez.
Argazkigilea: Maegan Tintari [CC BY 2.0 (http://creativecommons.org/licenses/by/2.0)], undefined
Kultura batzuetan emakumeek sexie ibili behar dute, batzuetan deserosoa bada ere. Zer da sexie gure kulturan? Gure kulturan norentzat da eroso/deseroso sexie ibiltzea?

Advertisements

Gorbeiako pasartea

Duela sei urteko abenduaren 29a ezingo dut inoiz ahantzi. Jende askok bezala gure lagun batzuek ere urte amaieran mendira joateko ohitura zuten, eta haiekin joateko hitz egin genuen, guk halakorik egiteko ohitura ez izan arren. Aita eta biok Gorbeia mendira abiatu ginen hamar bat lagunekin batera. Ni hamaika urteko umea nintzen eta, egia esan, gogotsu nengoen gailurreraino iristeko bertan inoiz egon ez nintzelako.

Autoak Gorbeiaren magaletik bi kilometrora dagoen aparkaleku batean utzi genituen. Hantxe bertan elurretarako arropa egokia jantzi eta motxilak prestatu genituen. Geure artean arropa desegokiena zeramana gure aita zen, izan ere panazko praka parea besterik ez zeraman hankak babesteko, eta mendia oso elurtuta zegoen. Aparkalekutik mendi-magalerainoko bidea paseo lasaian egin genuen paisaiaz gozatuz kontu-kontari. Zerua oskarbi zegoen. Gorbeia aurrez aurre genuen, esfera txuri erraldoi bat zirudien. Magalera iritsi ginenean ez genuen inongo geldialditxorik egin, ez. Segidan aldapari ekin genion.

Igoeraren hasieran denok batera gindoazen, tipi-tapa, gelditu gabe, baina igotzen hogei minutu inguru generamatzanean, aita atzeratzen zebilela ikusi nuen. Segidan bere parera hurbildu nintzen eta mantsoago hasi nintzen ibiltzen berarekin batera. Lurra guztiz elurtuta zegoen baina pixkanaka gora egitearekin batera elur biguntxo hura izotz gogor labainkorra bihurtzen hasi zen. Bat-batean aitak irrist egin eta behera egin zuen hamar metro inguru. Bere parera hurbildu nintzen altxatzen laguntzeko. Adiskideak nahiko aurrean zeuden jada.

Aita lurretik altxatzerakoan blai eginda zegoela ohartu nintzen. Panazko praka puta haiek ez zuten batere babestu izotzetik. Are gehiago, busti-bustita zeudenez hankak erabat hoztu zitzaizkion eta ibiltzen jarraitzea geroz eta astunagoa egiten zitzaion. Horren ondorioz bere besoa ene sorbaldan jarri eta igotzen lagundu behar izan nion.

Kostata, lagunak baino beranduxeago iritsi ginen aita eta biok gailurrera. Gainontzekoak asko poztu ziren azkenean denok han geundela ikustean. Izugarrizko hotza egiten zuen han goian eta aitaren lagun batek edabe magikoaren lanak egin zituen salda termo handi bat atera zuen. Denok salda bero-beroa edan eta argazki bat egin genuen Gorbeiako tontor ospetsuan. Bertan zerua ez zen hain oskarbia, behe-laino gris bat ingurua biltzen hasia zen. Hotz handia egiten zuen eta aldapa elurtua jaisteari ekin genion taldeko gizon sasi-adituenari jarraituz. Bazirudien bidea ondo baino hobeto ezagutzen zuela, hara gora igotako hainbeste aldi aipatzen baitzituen etengabe kalamidadeak.

Halako batean behe-lainoak harrapatuta geundela eta bidea guztiz galdu genuela ohartu ginen. Taldeko guztiak Asier (ni baino bi urte zaharrago zen mutila) eta ni neu izan ezik pertsona helduak zirenez ez-larrituen plantak egiten hasi ziren. Bidea berehala aurkituko genuela esaten zuten Asier eta ni lasaitzeko batik bat.

Beherantz egiten jarraitu genuen inolako urrats aztarnarik ez zegoen malda zuri hartatik. Tupustean amaiera ikusten ez zitzaion inbutu itxurako zulo beltz eta sakon bat ikusi genuen zuriaren erdian. Paretik pasatu ginen eta lainoaren artean hogei pausu inguru emandakoan zulo beltzez inguratuta geundela konturatu ginen. Erabat ikaratuta nengoen. Norbaitek irrist egin eta horietako batera eroriko balitz akabo. Handik irteteko beharra genuen. Beraz bata bestearen atzean jarriz lerro bat osatu eta bi zuloen artean zegoen metro erdiko espazioa gurutzatzen hasi ginen banan-banan, ezin astiroago. Ni elurretan etzan eta bidexka arrastaka gurutzatu nuela gogoratzen naiz. Hala ere, nire izu handiena aita haietako batera erortzea zen baina denok bidexka hura gurutzatzea lortu genuen eta zuloz jositako gune hartatik aldentzea lortu genuen, gaitz erdi.

Behe-laino zerratu hark ez zigun batere ondo ikusten uzten eta bidea aurkitu gabe beherantz jarraitu genuen amildegi arrokatsu baten parera iritsi ginen arte. Gora begiratzean malda zuri handia baino ez zen ikusten eta behera so egitean amildegi erraldoi bat besterik ez zen ikusten. Erabat galduta geunden, are gehiago, harrapatuta.

Bertan gelditzea erabaki genuen, bidea erabat arriskutsua bihurtu baitzen. Gurasoak eztabaidan hasi ziren handik nola demontre irteteko argudioak emanez. Elkarri oihuka ari ziren egoeraren larritasunak menperaturik. Bitartean aita eta biok pixka bat aldenduta geunden isilik, izututa.

Lainoaren gris opakua begiratzen nengoela eguzki izpitxo bat laino geruza gris hura zeharkatzen hasi zela konturatu nintzen eta berehala aita abisatu nuen. Bat-batean zulo garden bat ireki zen laino artean eta autoak utzi genituen aparkalekutik mendiraino egindako bidea ikusi genuen. Lagunei oihu egin genien hura ikus zezaten. Norabide hura jarraituz ibiltzea erabaki genuen baso baten hasierara iritsi ginen arte. Zulo beltzak eta amildegia atzean utzi genituen eta askoz lasaiago geunden jada. Basoa erditik zeharkatzea erabaki genuen. Mendi magalera iristean denok motxiletatik janaria atera eta jaten hasi ginen pozarren.

Une hartan bertan Gorbeiara ez nintzela inoiz itzuliko pentsatzen ari nintzen neure baitan. Geldialditxoa egin ostean aparkalekurako bidea hartu genuen eta autoetara iristean guztiok arropaz aldatu eta etxera abiatu ginen

Gorbeiako gurutzea. By Basotxerri [CC BY-SA 4.0 (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0)%5D, via Wikimedia Commons

Prospektiba – (iritzia)

  • Nolakoa izango da gure mundua 2050. urtean?
  • Nolakoak izango dira ikastetxeak?
  • Nolakoak etxeak?
  • Nolakoak lantokiak?
  • Nolakoak autoak?
  • Nolakoak ordenagailuak?

Ereduak, < Ereduak < Ereduak <<< klik

Elkarrizketatzailea: Iñaki Gabilondo - elkarrizketatua: Yuval Noah Harari

Elkarrizketa, —gaztelaniaz—, entzuteko lana hartzen baduzu, idatzi mesedez hementxe behean, iruzkinen atalean, —euskaraz—, zure ustez elkarrizketatik atera daitezkeen hiruzpalau ideia esanguratsuenak.


Jupiter Ascending 2015. urteko filmaren irudi bat
Jupiter Ascending 2015. urteko filmaren irudi bat. Bilbo eraldatu bat dakusagu, (filmean beste planeta bat dela adierazten da).

Proposamen klasiko hura

Hartu argazki indartsu bat eta egin ezazu argazkiari buruzko azalpen testua, iritzi artikulua edo testu literario bat (poema, narrazio laburra…)

Goiko esteka Mugikaria telefonoko aplikazioari esker ikusi nuen. Ze aplikazio erabil daiteke euskaraz sarean ibiltzeko? (Utzi erantzunak hemen azpian, iruzkinen tokian).

Pete Souza (PD via Wikimedia Commons)
Pete Souza (PD via Wikimedia Commons)