Aurreko astelehenean, martxoaren 19an, 64D taldeko ikasle batzuek book trailer lehiaketan parte hartzeko formakuntza saio bat egin zuten. Egun horretan 6. eta 7. saioetara etorri ziren guztiek parte hartu zuten eta goian ikus daitekeen lana egin zuten, gutxi gorabehera ordu eta erdian.
Kalabazan Kultur Ekimenak taldekide bik hartu zuten irakasle rola: Iratik eta Mikelek. Zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen labur azaldu ziguten eta aurreko urteotan ekoiztutako adibide batzuk erakutsi zizkiguten.
Baina laster pasatu ginen ikusle izatetik ekoizle izatera. (Laster pasatu ziren 64D taldeko ikasleak, alegia).
Diegok eta Imanolek hartu zuten Interneteko konexioa zeukan ordenagailua eta, di-da batean, hautatu zituzten doinu bat, liburu azalaren eta egilearen argazkiak…
Bitartean Jonek Movie Maker programa pribatiboarekin, nahiz eta lehenengo aldiz programa horrekin saiatu, azkar lortu zuen hasierako eta amaierako kredituak sortzea. Jonek berehala txertatu zituen bideoan Diegok eta Imanolek hautatutako doinua eta irudiak … Eta hortxe, goian, emaitza.
Une berean, bazeuden Javi eta Gorka argazki kamera bat prestatzen. Bideoan ikusten den tapetearen gainean (plastilinazko) autobus batek eta tranbia batek talka egingo zuten.
Etorri ziren beste guztiek, berehalakoan egin zuten gidoia eta, ia aldi berean, batzuek egin zituzten plastilinazko figuratxoak, kartoizko irudiak, eta abar.
Izan ere, Frida Kahlo, gaztetan, autobusean zihoala trafiko istripu larri bat izan zuen eta hortxe geratu zen, ohetik ezin altxa, denboraldi luze batean. Etzanda margotzen ikasi behar izan zuen…
Bideoan, book trailerrean, trafiko istripu hori islatu nahi izan zuten ikasleek, eta trafiko istripua irudikatu zuten hasteko. Gero, eztanda horretatik lore koloretsuak, margolari baten figura, eta abar. sortu ziren…
Historiako margolaririk ospetsuenetako baten biografia irakurtzeko konbitea.