Berandu dabiltza (Ruper Ordorika)

Horra lanak beti epez kanpo aurkezten duzuenentzako abesti dedikatua 😉

Eguneroko bizitza ikatza bezalako labexomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe, Otis Redding badiako kaian eseri zen aireplano eroriei kantatzeko blues band. Sagarraren loreek su hartu zuten eta niri odola hasi zitzaidan sudurretatik baldosa zuriko komuna publikotan pornografia irakurtzen ari nintzenean love, eta alkimistek txosten bat eman zuten argitara plusvaliaren alde azalduz erabat, Errestaurantetik bi homosexual bota zituzten arrazoi komertzialak zirela merio. Bakardadearen milaka kopia inprimatu ziren neguaren ateetan geundelako, ene osaba batek postal bat izkiribatu zidan Stop ene urtebetetzea zelako Stop iloba, eta bide batez bere seguruetxea kontseilatu nahi zidalako inoiz ez da jakiten noiz, ene maitaleak telefonoa jo zidan kobre zaporeko maitasunez gauaren erdian. Eguneroko bizitza ikatza bezalako labexomorroak isurtzen hasi zenean etengabe. Gero ernari gelditu zen ibaia zerutik atergabe jautsitako espermaz, alkandora arrosak loredunak xuriak gorri-beltzak multi-koloreak  herrestan eramanez, eta aste berean ni puta bat naiz oihuztatu zuen ezkontza despedidan Champagne, Olivetti batetan bere lehen gutun erromantikoa osatu zuen sekretaria lotsatiak; eskaleek halere trapuzko etxeak jaso zituzten zubipean mitxeletak babesteko, kattagorriek supermerkatuari eraso zioten altxa besoak non da intxaur kaxa-fuertea. Negua heldu zen azkenez eta antzarek V bat egin zuten zeruan, dispensarioetan anti-tristezi pildorak banatu zituzten ugari Egiptoko zazpi izurriteren edizio ugaldu eta korrejitua usmatuz; zoriona gramoka saltzeari ekin zioten tronu aingeru eta kerubinek; bertute kardinalek igotze desnaturala eman zuten Erromako burtsan, mila liburu erregalatu zituzten bankuek Ora eta bereziki Labora lemapean; baina alferrik zen berandu dabiltza ez dute ezer lortuko honez gero, palazioak lurrera doaz kartzeletako hormak pitzatu egin dira, eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro libro.