Agur alderrai, agur wikispaces

Konturatu orduko, alderrai.wikispaces.com hori izan da sortu dudan 38. wikia. Eta azkena. Uda honetan wikispaces hori itxiko dute.

Badira urte batzuk dozenaka ikasleei 30.000 karaktere idazteko erronka botatzen.

Konturatu orduko nik milaka eta milaka lerro gainbegiratu behar.

Baten batek alderrai.wikispaces.com hura berriro begiratzeko gogoa izan badu, hona pdf formatuan, estekarik gabe, txertatutako diapositibak, bideoak eta audioak galduta… Baina gogoratzeko, agian, lagungarri.

https://www.scribd.com/document/382966283/Alderrai-Wikispaces-Gure-Lan-Koadernoa-2017-2018

Guztion artean zenbat orrialde idatzi zenuten?

Erronka

Ezer baino lehen, OHARRA: Gure problema konpontzeko, taldean euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatu beharko gara.

 

 

Umeekin monitore izateko lan-poltsa bat atera da. Ume zailak izango dira. Batzuk autistatzat jo dira, beste batzuk ikasketa prozesuan diziplina arazo itzelak izan omen dituzte, beste batzuek arazo fisiko edo psikologiko latzak dauzkate…

Kontratatzaileak presaka dabiltza eta norbanakoak kontratatu beharrean taldetxoak, laukoteak kontratatuko dituzte.

Soldata itzela izango da eta gaztea eta euskalduna izatea, besterik ez dute eskatzen. Ez da EGA behar. Jende pilo bat aurkeztuko dela aurreikusten denez, postaz bideoa bidaltzeko eskatu dute, 3-7 minutuko bideo laburrak. Horrela aurrez aurreko elkarrizketak saihestuko dira. Baina kontratatzaileak ikusi nahi du nola eskatzen duzun lan hori eta nola defendatzen duzun zure burua, lan horretarako pertsona egokia zarela sinestarazi behar diezu bideoa ikusiko dutenei. Zu taldekide batzuekin elkartu zara eta elkarri lagunduko diozue bideo txukun-txukuna ekoizten eta enpresari, ((Gorka irakasleari ;-)), posta elektronikoaren bidez bidaliko diozue.

Grabatzeko, erabil ezazu esku-telefonoren bat. Edo ahal baduzu, kamera on bat, zergatik ez.

SEGI IRAKURTZEN >>>>>>>>>> (Bideoak ez dira leku publikoan argitaratuko).

Jarraitu “Erronka” irakurtzen

Frida Kahlo (Biografiak bilduma) – Ana Irigoien

Aurreko astelehenean, martxoaren 19an, 64D taldeko ikasle batzuek book trailer lehiaketan parte hartzeko formakuntza saio bat egin zuten. Egun horretan 6. eta 7. saioetara etorri ziren guztiek parte hartu zuten eta goian ikus daitekeen lana egin zuten, gutxi gorabehera ordu eta erdian.

Kalabazan Kultur Ekimenak taldekide bik hartu zuten irakasle rola: Iratik eta Mikelek. Zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen labur azaldu ziguten eta aurreko urteotan ekoiztutako adibide batzuk erakutsi zizkiguten.

Baina laster pasatu ginen ikusle izatetik ekoizle izatera. (Laster pasatu ziren 64D taldeko ikasleak, alegia).

Diegok eta Imanolek hartu zuten Interneteko konexioa zeukan ordenagailua eta, di-da batean, hautatu zituzten doinu bat, liburu azalaren eta egilearen argazkiak…

Bitartean Jonek Movie Maker programa pribatiboarekin, nahiz eta lehenengo aldiz programa horrekin saiatu, azkar lortu zuen hasierako eta amaierako kredituak sortzea. Jonek berehala txertatu zituen bideoan Diegok  eta Imanolek hautatutako doinua eta irudiak … Eta hortxe, goian, emaitza.

Une berean, bazeuden Javi eta Gorka argazki kamera bat prestatzen.  Bideoan ikusten den tapetearen gainean (plastilinazko) autobus batek eta tranbia batek talka egingo zuten.

Etorri ziren beste guztiek, berehalakoan egin zuten gidoia eta, ia aldi berean, batzuek egin zituzten plastilinazko figuratxoak, kartoizko irudiak, eta abar.

Izan ere, Frida Kahlo, gaztetan, autobusean zihoala trafiko istripu larri bat izan zuen eta hortxe geratu zen, ohetik ezin altxa, denboraldi luze batean. Etzanda margotzen ikasi behar izan zuen…

Bideoan, book trailerrean, trafiko istripu hori islatu nahi izan zuten ikasleek, eta trafiko istripua irudikatu zuten hasteko. Gero, eztanda horretatik lore koloretsuak, margolari baten figura,  eta abar. sortu ziren…

Historiako margolaririk ospetsuenetako baten biografia irakurtzeko konbitea.

 

A eredukoentzako proposamena – idatzi elkarrizketa – antzeztu

  1. Bikoteka jarriko gara.
  2. Bikote bakoitzak antzezlan labur bat idatzi beharko du.
  3. Jendaurrean, aktore lana egin beharko eta lehenago idatzitakoa antzeztuko dugu.

Esate baterako:

  1. Irakaslea eta ikaslea. Irakasleak ikasleari telefonoa kendu dio.
  2. Eroslea eta saltzailea. Erosleak bapo bazkaldu du eta gero konturatu da dirurik ez daukala.
  3. Liburuzaina eta lapurra.  Liburuzainak  liburuak lapurtzen harrapatu du pertsona bat.
  4. Medikua eta ikaslea. Gaur azterketa zaila zeukan ikasleak. Ikasteko nahikoa denborarik ez eta azterketa egin beharrean medikuarenera joan da.
  5. Turista eta etxean lasai zegoena. Turistari helbide bat eman diote eta atea zabaldu dionak ez du ostalaritza zerbitzurik.
  6. Arbitroa eta futbolaria. Arbitroak bakarrik ikusi duen penalti bati buruzko eztabaida garratza.
  7. Aita, ama eta ikastetxeko zuzendaria. Semea edo alaba aste beterako kanporatu dute ikastetxetik…
–Barkatu, baina badaukat logela bat etxe honetan alokatuta bi astetarako. Internetaren bidez egin nuen erreserba eta ordaindu nuen. –Bi astetarako! Hau ez da ostatu bat!

 

 

Euskararen jatorria:

  • LeireOsabak beherago agertzen den bideoari buruz hau idatzi du:

Hizkuntzak komunikatzeko ezinbestekoak diren tresna baliotsuak ditugu, eta milaka dauden arren, eta askok besteekiko antzik ez duten arren, guztiek dute antzinakotasuna, lengoaiaren sorrerarekin loturik dagoena. Izan ere, hizkuntza europarrak bi taldetan bereizten dira: batetik, indoeuroparrak (erromanikoak, eslaboak, baltikokoak, zeltikoak…) eta bestetik, fino-ugriarrak. Bi talde hauetatik at, euskara dago, euskaldunon hizkuntza.

Gaur egun, euskara munduko hizkuntza osasuntsuen artean dago, batzutan kontrakoa pentsatzen den arren euskara da euskaldunon hizkuntza eta nortasuna. Baina, ba al dakigu euskarak non duen jatorria? Gerta liteke bakarrik eta isolaturik garatu izana gainontzeko hizkuntzekin harremanik izan gabe?

Esan genezake, euskaldunon hizkuntza munduko beste hizkuntzak bezala, sustrai sakonak dauzkala. Horrez gain, hainbat hizkuntzalarik ikerketak egin ostean, nabaria da euskara eta latina elkarren ondoan egon baziren, horrek, euskaran ondorioak utzi ditu. Esaterako, latineko hainbat hitz, euskaratik moldaturiko hitzak baitira. Baina, hala ere, benetan, euskararen jatorria beti misterio bat izan da eta izaten jarraituko da.

Beste hizkuntzalari batzuek, ordea, diote aurreko teoria hori baztertu egin behar dela. Beraz, gai honen inguruan nabari da, ezjakintasuna dagoela; hau da, euskararen jatorriari buruz,teoria asko daude batean oinarritzen dela nahiz eta batzuen artean antzekotasunak ikusi diren.

Baina, aipatzekoa da, argi geratu dela, hizkuntza bat ez dela zertan sortu beste hizkuntza batetik, baizik eta aurretik dagoen egoera batetik sortzen dela. Ikerlariek, honekin esan nahi dutena da, hizkuntzak bertako gizakiek bizimoduaren eta komunikazioaren arabera sortzen zituztela.

Bestalde, gehienetan, hizkuntza bat erabiltzen ez bada, galdu egiten da, baztertuz. Horrez gain, mundu osoan zehar, badaude 130 hizkuntza isolatu inguru. Hizkuntza isolatuak, senide hizkuntzarik ez duten hizkuntzak dira; hots, arbaso eta oinarri bereko beste hizkuntzak desagertuz joan direla. Euskara hizkuntza isolatuetan ezagunenetariko bat da, bere familiatik bizirik irtendako bakarra, alegia.

Laburbilduz, euskararen jatorria beti ezkutuan egon da, gaur egun ere, ezkutuak dihardu eta urteak aurrera egin ahala ez dakigu ezagutzeko aukerarik izango dugun edo ez. Dena den, iritzi eta kontakizun ezberdinak daude euskararen historia eta jatorriaren inguruan. Zerbaiten ezagutzarik ez badugu eta lortzeko zaila bada, mitoetan oinarritzeko joera dugu gizakiok. Beraz, euskararen historiaren inguruko hainbat ezagutza mitoak baino ez dira.

Ildo beretik, oso garrantzitsua da euskaldunok euskararen jatorriari eta historiari buruz aztertzen jarraitzea, baina ez euskaldunon hizkuntza baino ez delako, baizik eta, euskararen ezagutzek beste hizkuntzetara hainbat ate zabal ditzakeelako.

Nire aburuz, euskara indartuz aritu beharko ginateke egunez egun. Hasieran aipatu dudan bezala, euskara euskaldunon nortasuna da eta historia luze bat du gainean. Gainera, hain hizkuntza zaharrak mantentzea altxor bat gordetzearen antzekoa da eta bizitzan zehar milaka ate irekitzeko giltza ere izan daiteke. Beraz, zaindu eta maitatu beharra daukagu gure hizkuntza zahar hau, munduaren aurrean zabaldu.

Gure ikaskide batek eraman du urtarrileko ZuZeu.eus GAZTEA saria

Aurreko batean, azaroan, Ainhoa geratu zen finalisten artean. (30 idazlan aurkeztu ziren azaroan ZuZeu.eus GAZTEA atalean eta saria eman zutenean Ainhoa onenen artean nabarmendu zuten).

Oraingoan Anek lehiakide gutxiago izan ditu urtarrilean, baina horrek ez dio meriturik kenduko. Zorionak Ane!

Argazkigilea: Camdiluv ♥ from Concepción, CHILE – Colours, CC BY-SA 2.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=19871961

 

Zer da eutanasia?

Horra Leirek idatzitako azalpen testua eta iritzi artikulua. Gehitu, nahi baduzu, zure iruzkinak Leireren testuaren azpian.

 

Eutanasia minarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko eragindako heriotza da, bereziki beste gaixotasun baten ondorioz.
Gai eztabaidatua da, etikaren nahiz hainbat erlijioren aldetik.
Eutanasian modu hauek bereizten dira:

  • borondatezko eutanasia, hil nahi duen pertsonaren beraren nahia delako eragindakoa.
  •   ez-borondatezko eutanasia, heriotza eragin behar zaion pertsonaren borondatea kontuan hartu gabe egiten dena eta herrialde guztietan legez kanpokoa dena.
  • borondatearen aurkako eutanasia, gaixoaren iritziaren aurkakoa eta hilketatzat jotzen dena.

Praktikan jartzeak gainera hainbat arazo sorrarazten ditu gaixoaren nahiarekin eta egoera medikoarekin eta gaixoaren ingurukoen iritziarekin loturik.

Ordenamendu juridikoaren aldetik ere, eutanasia giza eskubidea den eztabaidatzen da, gaixoa bere bizitza jarraitu nahi duen erabakitzeko autonomoa den besteak beste.

Erlijio zenbaitetan, berriz, eutanasia guztiz gaitzetsi eta hilketatzat jotzen da, bizia eman eta kentzea Jainkoari soilik dagozkiola argudiatuz.
Funtsean bi modu daude eutanasia burutzeko: medikuak berak edo gaixoaren gertuko pertsona batek gaixoa edo elbarria laguntzea heriotza eragiten edota eutanasia burutu nahi duen gaixo edo elbarriari heriotza ekarriko dizkioten baliabideen berri eman eta eskura jartzea.

Baina badaude moduak gaixo larriek eutanasia ez eskatzeko edo gutxienez ingurukoak saiatzeko baliabideak dituzte. Adibidez psikologikoki laguntza eskaini behar zaio eta norbait momentu horietan bere alboan sentitzea ezinbestekoa da. Gainera zaintza aringarriak oso lagungarriak izaten dira.

Zainketa aringarriak, leungarriak, gaixotasunak sendatzen baino, sintomak murrizten ahalegintzen duen edozein bidea da. Helbidea sufrimendua gutxitzea da, baita gaixo kroniko, larrien bizi kalitatea hobetzea ere.

Zainketa hauek beti ere eriaren etxean bertan edo ospitale edo zentro espezializatu batean eman daitezke.

Orokorrean, tratatzen dituen gaixoak sailkatu ditzakegu onkologiakoak eta ez direnen artean, eta kasu bietan gaixo terminaltzat hartzen dira, sendabiderik ez daukatenez.

Iritzia

Eutanasia eta heriotza duin kontzeptuak bereizi beharra dago, azken honetan bizia mantentzekoaparteko baliabideen erabilera ukatzearekin lotzen baita.

Norberaren borondatezko eutanasia aldezten dutenek, min eta sufrimenduz bizi duen pertsona baten bizitza modu duin batean amaitzea pertsona horren eskubidea dela argudiatzen dute, minik gabeko bizitza aldarrikatuz.

Eutanasia aldezten dutenek gaixoaren giza duintasuna, minik eta sufrimendurik gabeko bizitza izateko eskubidea alegia, eta bere heriotzari buruz askatasun guztiz erabaki ahal izatea argudiatzen dituzte.
Eutanasia errefusatzen dutenentzat, aldiz, bizia kentzea kasu guztietan bidegabekeria eta giza duintasunaren aurkakoa dela kontsideratzen dute.
Medikuek ere, bizitzari buruzko erabakiak eta ekintzak burutzen dituzten aldetik, zer esan handia izaten dute eutanasiaren inguruan
Nire ustez, bide edo konponbide desberdinak bilatu behar dira eutanasia erabakia hartu baino lehen baian ulertzen dut gaixoek ez dutela lehenengo momentuan erabaki hori hartzen eta hartzen badute izaten da irtenbide bakarra delako.

Adibidez, Mar Adentro filmean egoera hori oso modu errealistan agertzen da eta ikus daiteke mugimendu barik dagoen pertsona baten eguneroko bizitza.

Ez dut nire burua ez aurka ez alde jartzen. Nahiago nuke horrelako erabakiak inor ez hartu behar izateak baina uler dezaket egoera oso larrietan eutanasia nahi izatea.

Ospitaleko gela

Nola idatzi euskal izen-deiturak 2

Aurreko batean blog honetan gaiari buruz zuen iritziak eta argudioak idazteko eskatu nizuen: Nola eman euskal izen deiturak? (1) hartan.

Oraingo honetan polemika bat sortu da 45D taldean. Ikasle bi asaldatu egin dira euskara irakasleak bere izenak Euskaltzaindiak proposaturiko arau ortografikoei jarraiki idatzi dituelako eta hori leku publiko batean, arbela digitalean ikusi delako. Beren izenak horrela idaztea errespetu faltatzat hartu dute eta horrela adierazi dute.

Irakasleak esan zuen, hau bezalako artikuluak irakur ditzazuen —eta pixka bat zirikatzeko, egia esan— esan zuen norberak bere izena nahi duen bezala idazteko libertatea baldin badu, besteok ere askatasun maila antzekoa hartzea dugula…

Hona, berriro ere, euskara irakaslearen zenbait argudio:

  1. Arau ortografikoen bilduma, idazkera estandarra, erabaki kolektiboa izaten da erregistro idatzia duten hizkuntza guztietan, ez norberarena.

    Erabaki horietan hizkuntza-erabiltzaile guztiek ez dute erabakitzeko botere bera. Ez ohi da pertsona bat – boto bat legea betetzen.

  2. Hizkuntza batzuek, tartean erabiltzen ari naizen hizkuntza honek, badute estandar idatzi bat eta hainbat erakunde akademiko, hizkuntza idatziaren arauak argitzeko. Nola idatzi/nola ez idatzi kontuetan gomendioak emateko-eta hizkuntza batzuek Hizkuntza Akademiak dituzte.

  3. Gomendio horiei bizkarra ematea, munduko kultura gehienetan, oro har, txarto ikusita egoten da. Esparru akademikoetan bai behintzat. Kultura eskasia erakusten omen du arau ortografikoak ez dakizkiena. Ez dakit zer erakusten duen, arau ortografikoak jakinda, beste nolabait idaztea erabakitzen duenak. (Autobidetik azkar zihoan gidari haren istorioarekin akordatzen naiz honelakoetan. Irratian entzun du autobidetik txoro bat dabilela azkar baino azkarrago kontrako norabidean… —Bat! ?—esaten du bere baitan—, Bai zera! Guztiak doaz kontrako norabidean!)

  4. Ikasleak libreak dira bere izen-deiturak nahi duten grafiaz idazteko. Zirilikoz nahi izanez gero. Horretarako eta gehiagorako ere libre dira. Baina irakasle hau ere librea da gure garaiko ohiko ortografia arauei, ahal den heinean, jarraikitzeko. Baita izen-deitura kontuetan ere.

  5. Irakasle batek ortografia arau ortodoxoei men egitea ez da ikasleekiko errespetu falta, arau ortografiko horiekiko errespetu adierazpen bat da, besterik gabe. Ez dago hor ezer pertsonalik, jakina.

  6. Irakasle batek erakutsi behar du zer den estandarra, zer den garaian-garaiko araua eta, alde horretatik, ikastetxe publiko batean hizkuntza estandarra erabiltzea, jarrera ohiko bat besterik ez da.

    Irakasleak, benetan, —zirikatzaile jartzen ez denean—, nahiko Wikipedia zalea da eta izen-deitura pribatuak, leku publikoetan idazten dituenean, Wikipediak eta Berria egunkariak eta beste askok duten antzeko politikari jarraitzea aspaldian erabaki du. Wikipediraren politika jakiteko: >>klik hementxe<<

  7. Irakaslearen lana da ikasleei euskararen baitan dauden gaur egungo idazteko arauak ikasten laguntzea. Arau horiek ondo ezagutu eta gero, arauei jarraitzea izaten da ohikoena, baina ehunka salbuespen topa ditzakezue: Luis Haranburu Altuna, Hasier Etxeberria, Irati Iciar, Joxerra Garzia, Juan Garzia, etab. Bururatu zaizkidan lehen bost pertsona horiek oso pertsona jantziak dira euskara kontuetan baina, auskalo zergatik, Euskaltzaindiaren aholkuak —bere izen-deitura kontu honetan— ez segitzea eta bere bide pertsonalagotik joatea erabaki dute.

Asko kostatu zitzaion gure hizkuntzari estandar bat adostea. Azkenean, lortu zenean, ‘euskara batua‘ deitu zioten. Europako beste hizkuntza askoren ondoan, euskaldunak berantiar ibili ziren. Euskararen Akademia ia duela ehun urte sortu zen eta estandar bat lortzeko lehen adostasun potoloak duela berrogeita hamar bat urte… Baina kontu horiek guztiak, luzeago, beste blog-mezu batean.

Euskara batu edo estandarraren harira,

Ondo estrukturaturiko diskurtsoa da? Hizlariak, hitz egiterakoan, atal moduko blokeak bereizten ditu, idazterakoan paragrafoak bereizten ditugun antzera? Digresiorik egiten du, hari nagusitik urrundu egiten da?

Egileari zor: The author of the book was Pedro Agerre
Goian dagon liburu horrek ortografia akatsak ditu? Zeintzuk? Zergatik? [Argazkiaren jatorria, Wikimedia Commons: The author of the book was Pedro Agerre “Axular” (1556-1644). The author of the photo is Mikel Zabala. [Public domain], undefined].